Proiektuaren informazioa
Proiektuaren deskribapena
JAI GARBIEN ALDE KANPAINA: DURANGOKO LIBURU AZOKA
Abenduaren 7an, Durangoko Liburu Azokan egon ginen Jai Garbien Alde kanpainaren markoan azoka aztertzen. Helburu nagusiak bi ziren, alde batetik, hondakinen kudeaketaren inguruan azokan parte hartzen duten pertsonen iritziak eta pertzepzioak ezagutzea, eta beste aldetik, behatzaile gisa lan egitea.
Bertaratutakoen iritzia ondo aztertzeko artisauei, txosnetako saltzaileei, tabernako langileei, azokako antolatzaileei eta bertaratutako pertsonei galdetegi desberdinak egin genizkien. Guztira, saltokietako langileei 9 galdetegi egin genizkien eta azokara bertaratutako pertsonei 13. Galdera-sorten bidez, azokan egiten den hondakinen kudeaketaren inguruko premiei buruz hausnartzen lagundu dugu.
Durangoko Liburu Azoka adibide ona izan da mota honetako ekitaldiek dituzten beharrak agerian uzteko. Azokan sortzen diren hondakinik ugarienak ontzi arinak, beira eta ahozapiak izan dira. Bertaratutakoen arabera, Durangon zehar birziklatzeko edukiontziak ikusgarri ez daudela jaso dugu.
Durangon, azokaren ondoren, hondakinak biltzen diren guneak identifikatu ditugu. Batez ere, txosnen ondoan eta alde zaharrean behatzen dira metaketa handienak. Ikusi da jende gehien biltzen den eremuetatik gertu mota guztietako hondakinak pilatzen direla.
Azokako antolatzaileekin, Gerediaga Elkartearekin, harremanetan gaude, azokako saltokietan zer gertatzen den jakiteko. 2025eko otsailean, gune horretan sortzen diren hondakin ugariei eta problematikoei buruzko erantzunak jasoko ditugu.
Guztion artean elkarlanean arituta #jaigarbienalde egiten badugu, hondakinak murriztea lortuko dugu! Zure herrian ekintzaren bat egitea nahi baduzu edo iradokizun edo ideiarik baduzu, idatz iezaguzu: kaixo@sareberdeak.eus