Proiektuaren informazioa
Proiektuaren deskribapena
MUNDUKO LANDAREEN VIII. AZOKA
Munduko Landareen VIII. Azoka egingo da 2024ko urriaren 5ean eta 6an Euskal Herriko Unibertsitatearen Leioako campuseko Arboretumean. Arboretuma, 2008an inauguratu zen, 19 hektareako azalera du, eta bertan badira 130 espezietako 1.700 zuhaitz, munduko bost kontinenteetakoak.
44 erakusketarik berretsi dute etorriko direla eta euren bildumak aurkeztuko dizkigutela. Bost kontinenteetako landareak miretsi eta erosi ahal izango ditugu, oso prezio onean. Gehienak ezezagunak dira gure latitudean, baina erraz hazi ahal izango ditugu lorategi eta balkoietan.
Azokaren esparruan bertan bisitariek indarrak berritu ahal izango dituzue hemengo produktuak dastatuz, eta Arboretumeko zidorretan zehar paseoan ibiliz.
Azokaren antolatzaileak Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila eta Euskal Herriko Unibertsitatea dira, eta laguntzaileak, Leioako eta Erandioko udalak eta BBKren Gizarte Ekintza.
📍 Non: Leioako campuseko Arboretumean
📆 Noiz: Urriaren 5ean eta 6an
💰 Sarrerak: Dohainik
🚗 Aparkalekuak: Antolatzaileek bi aparkaleku atonduko dituzte Arboretum-eko inguruetan.
🕞 Ordutegia: Larunbatean goizeko 10etatik arratsaldeko 7ak arte eta igandean, goizeko 10etatik arratsaldeko 6ak arte izango da.
🚌 Doako autobus zerbitzua: metroz etorritako bisitarientzat, Astrabudua (Erandio) eta Leioa geltokietatik UPV/EHUraino doako autobus zerbitzua egongo da. Autobus zerbitzua, bai larunbatean bai igandean izango da.
Animatu nahi zaituztegu ordu atsegin batzuk pasatzera Bizkaiko naturagune ederrenetariko batean! Informazio gehigarria hemen aurki dezakezue.